Txibiek barne maskorra dute, W itxurako begi-nini handiak, 8 beso eta 2 garro. Ohiko tamaina 15 eta 25 cm luze da, baina espezie handiagoak, Sepia apama esaterako, 50 cm luze izan daitezke, eta 10,5 kg pisatu.
Txibiak haragijaleak dira, eta hainbat animalia jateko gai dira: moluskuak, karramarroak, izkirak, arrain txikiak, olagarroak, zizareak eta beste txibiak. Txibien harraparien artean daude izurdeak, marrazoak, arrain batzuk, itsas txakurrak eta beste txibia batzuk. Urte bat edo 2 bizi dira.
Azal kolorea lasterren aldatzeko gaitasuna duten animaliak dira, olagarro eta txipiroiekin batera. Azala 2/3 segundotan egokitzen da ingurura: ondarra, arrokak, landareak... Molusku hauek kromatoforoak (hainbat pigmentuz beteriko zelula elastikoak) uzkurtu edo dilatatzen ditu, arriskua badago edo ehizan kamuflatu nahi badu. Homokromia arrain zapal batzuetan ere izaten da, hala nola, erreboilo edo mihi-arrainetan, baina baita ere itsas zaldi, izkira, kameleoi eta gekoetan.
Txibiek barne egitura gogorra dute, txibia hezurra izenekoa, porotsua eta aragonitaz egina. Honek flotabilitatea ematen dio. Flotabilitatea erregulatzeko txibia hezurraren hustasunetan gas-likido erlazioa aldatzen du, hezur barneko hodi bati esker. Espezie bakoitzak itxura, tamaina eta uki desberdineko hezurra du. Txibia hezurra da bere senide hurbil txipiroietatik bereizten dituen ezaugarri nagusia. Bitxigile eta zilargileek txibia hezurrak erabili izan dituzte gauzaki txikien moldeak egiteko, baina agian txibia hezurrak ezagunagoak dira perikito eta beste kaiola txoriei kaltzio iturritzat ematen zaielako.
Txibiek, azalaren kolorea nahi ahala laster-laster aldatzeko duten ahalmena dela-eta, itsasoko kameleoi goitizena hartzen dute. Txibiek kolorea eta argi polaritatea aldatzen dute beste txibiekin komunikatzeko edo beste harraparietatik kamuflatzeko.
Kolore aldaketaren funtzioa kromatoforoek sortzen dute, pigmentu gorri, hori, arre eta beltzak dituztenak. Kromatoforo hauek leukoforo eta iridoforo islatzaileko geruza baten gainean daude, berrehunetik gora milimetro karratuko. Kromatoforo hauek pigmentu zakutxo bat dute eta mintz handi bat, biltzean tolestu egiten dena. 6-20 gihar zelula daude pigmentu zakutxoen aldeetan, uzkurtzean zakutxoa azalaren aurka estutzen dutenak. Kromatoforo horiak (xantoforoak) azalaren kanpoaldetik hurbilago daude, gorriak (eritoforoak) azpian eta arre eta beltzak (melanoforoak) doi-doi iridoforo geruzaren gainean.
Iridoforoek argi urdina eta berdea islatzen dute. Iridoforoak kitinazko edo proteinazko plakak dira, txibiaren inguruak islatzeko gai direnak. Zelula mota guzti hauek batera erabili ditzakete. Adibidez, laranja lortzeko kromatoforo hori eta gorriak erabiltzen dituzte, eta morea lortzeko kromatoforo gorriak eta iridoforoak erabiliz.

No comments:
Post a Comment