Thursday, January 31, 2013

Azeria

Azeria (Vulpes generoa) txakurraren familiako haragijale txikia da. Otsoa eta txakurra bezala, mutur zorrotza, belarri handi eta hirukiak eta buztan luzea dauzka.
Begietako niniak, katuarenak bezala, txikitu egiten zaizkio. Gauza geldiak ez ditu oso ondo ikusten baina, bestalde, ez du arazorik gauez ikusteko. Usaimena ere oso garatua dauka. Salto egiten duenean, buztana erabiltzen du oreka mantentzeko. Eta belarriak, alde guztietara mugi ditzake. Soinu oso arinak entzun ditzake, urrutitik badatoz ere. Azeriak aharrausi egiten duenean bere 42 hortzak ikusten zaizkio, batez ere, lau letagin luze eta zorrotzak.
Azeriak bakarrik gauez ehizatzen du. Bere usaimen eta entzumen finari esker, edozein harrapakin ehizatzen du, bai karraskari txikiak eta baita txori eta untxiak ere. Harrapakina oso handia bada, gordelekura eramaten du, janaria erreserban edukitzeko. Ugaztun honek denetarik jaten du; haragia, intsektuak, zizareak, txorien arrautzak, txorikumeak, saguak, hegazti handiak, untxiak...eta kasu batzuetan frutak ere bai. Azeria, ugaltzeko garaiaz geroztik (neguaren hasieratik erdialdera) bizi da bikoteka. Arra emearekin egoten da kumeak elikatzeko. Emeak hilabete eta erdiz eramaten ditu kumeak sabelean. Erditzeko, gordeleku bat aurkitzen du. Hiru kumetik zortzira arte izaten dituzte normalean baina kasu batzuetan hamabi ere bai. Jaiotakoan, kumeak larru beltz batez estalita daude. Hamalau egun eduki arte, ez dute begirik irekitzen eta sei asterekin gordelekua uzten dute.
Kumeak amak zaintzen ditu normalean, baina batzuetan arrak edo beste emeren batek janaria eramaten du gordelekura. Bi asterekin 1 Kg pisatzen dute. Bostekin 3Kg baino gehiago eta helduak dira bederatzi-hamar asterako.
Azeriak ezkutuan egiten du bere gordelekua eta haitzen arteko zulo batean edo enbor zahar batean egin dezake. Animalia bakartia izan arren, bikotean bizi daiteke edo ar bat eta hiru emeko taldeetan. Bere lurrak markatzen ditu eta ezezagunen bat aurkitzen badu, oihu eta borrokan egiten du bota arte. Usainagatik jakiten du eme bat pasa den, ar bat edo azeri gazte bat.
Arerioak ere baditu azeriak: katamotza eta arranoa batik bat. Kumeei erasotzen diete normalean. Kumeak ohartarazteko, arrak zaunka egiten du, emeak berriz oihu. Eta areriorik handiena, noski, gizakia da. Orain dela gutxi arte, Ingalaterran azeria ehizatzea kirol bat zen. Bere larruarengatik ere hiltzen zen. Baina oraindik mundu guztian aurki daitekeen espezie bat da eta hori da bere buruargitasuna eta erresistentzia frogatzen duena.

Arranoa

Arranoa da falconiformes ordenako zenbait hegazti harrapariri ematen zaien izen generikoa. Ordenaren izen alternatibo bat accipitriformes da.

Euskararen estandarizazioak eta hiztegigintzak finkatu eta mugatu egin dute arrano adiera, erdarazko águila, aigle edo eagle hitzen sinonimo bihurtu arte. Baina berez, izena oso modu generikoan erabiltzen da edo erabili izan da euskaraz, ia eguneko hegazti harrapari guztiak izendatzeko balio dezake. Berez arrano izen espezifikoa jasotzen dutenei zein miru edo aztore deitu ditzakegunei ere, ia denei aplika dakieke, hango edo hemengo herri hizkeran, arrano terminoa.

Euskal Herrian bizi diren arranoak dira, besteak beste:

1-Arrano arrantzalea (Pandion haliaetus)

2-Arrano txikia (Aquila pennatus)

3-Arrano sugezalea (Circaetus gallicus)

4-Arrano beltza (Aquila chrysaetos)

Euskal Herriko beste harrapakari batzuk:

1-Aztorea (Accipiter gentilis)

2-Belatz handia (Falco peregrinus)

3-Zuhaitz-belatza (Falco subbuteo)

Euskal Herriko sarraskijale batzuk:

1-Sai zuria (Neophrom percnopterus)

2-Sai arrea (Gyps fulvus)

Euskaraz, erlijioarekin harremanik ez duen birao arin gisa hainbat adieratan erabiltzen da arranoaren izena, eta izen horretatik eratorriak ere bai.Adibidez:

1-Nola arrano hainbeste diru?

2-Arranoetan!

3-Arranopola!

4-Hau mundu arrano hau!

Arrano Beltza euskal abertzaletasunaren ikurretako bat da